TXAKURREI BURUZKO GALDERAK
Etxean txakurra daukat. Txakurrak eragin litzakeen kalteak, Sutearoren laguntzek babestuta daude?
BAI. Sutearoren kontratu guztiek beti daukate erantzukizun zibileko poliza bat erantsita, eta txakurren kasuan (beti ere txakur arriskutsuen zerrendan agertzen ez badira), etxeko erantzukizun zibilaren barruan daude eta gure txakurrak hirugarren bati egindako kalteak babestuko ditu.
Bazkideak txakur bat, bi edo gehiago eduki ditzake; guzti-guztiak estaliko ditu erantzukizun zibileko polizak. Polizaren prezioa ez da aldatzen, abere-kopurua edozein izanda ere.
Behin eta berriro esaten dugu derrigorrezkoa dela abere guztiek agiriak izatea. Agiririk gabeko abereek eragindako kalteek ez dute laguntzarik jasoko.
EZ dira sartzen Sutearoren bidez kontratatzen den erantzukizun zibileko polizako estalduren artean:
- Txakur arriskutsu gisa katalogatutako txakurrak. Administrazioak arriskutsutzat hartzen dituen txakurren zerrenda bat dago. Zuen txakurra arraza horietako batekoa bada aseguru berezi bat egin behar zaio nahitaez. Aseguru mota hori ezin liteke egin Sutearoren kolektiboen barruan, baina nork egiten dituen jakiteko argibideak eman ditzakegu.
- Sutearoren bitartez kontratatutako Erantzukizun Zibila “Higiezinena” izan den kasuetan. Erantzukizun zibil mota hau, normalean, etxean inor bizi ez denean eta, beraz, bertan animaliarik ez dagoenean egiten da.
Kasu bi horietan (txakur arriskutsuak, eta kontratatutako Erantzukizun Zibila higiezinena denean) gure txakurrak hirugarren bati egindako kalteak ez daude estalita.
Txakurrek txertoa hartuta egon behar al dute?
Sutearok eskatzen duena da txakurrak dokumentatuta edo identifikatuta egotea, ez txertoa hartuta. Beste kontu bat da Administrazioak zer eskatzen duen beste balizko batzuetarako, baina Sutearorentzat nahikoa da txakurraren identifikazioa.
Zelan dokumentatu? Albaitariarengana joan behar da, eta hark txakurraren liburua edo kartilla zabalduko du. Komenigarria da dokumentazio horretan titular gisa agertzen dena eta bazkide agirikoa bat izatea. Horrela ez bada, ezinbestekoa izango da txakurraren titularra Sutearon inskribatutako etxebizitzan erroldatuta egotea.
Txakur arriskutsuek aseguru berezia behar dute?
BAI. Administrazioak txakur arriskutsutzat sailkatutakoek beste aseguru-mota bat behar dute. Sutearok ez du halakorik tramitatzen, txakur horiek hirugarren pertsonei eragin diezazkieketen kalteak erantzukizun zibileko laguntzetatik kanpo daude eta.
Une honetan, Administrazioak honako txakur-arraza hauek, edo arraza horiekin gurutzatutakoak, jotzen ditu arriskutsutzat.
Akita Inua, Bullmastiffa, Dobermana, Argentinako Dogoa, Bordeleko Dogoa, Tibeteko Dogoa, Brasilgo Fila, Napoliko Mastina, Pit Bull Terrierra, Kanarietako Presa-txakurra, Mallorkako Presa-txakurra, Rottweillerra, American Staffordshire Terrierra, Stadffordshire Bull Terrierra y Japoniako Tosa, edota agintari eskudunak arriskutsutzat jo ditzakeen gainerako guztiak.
Txakurraren agiri-txartela bidali behar dut Sutearoren kontratua egiten dudanean?
EZ da beharrezkoa. Sutearok ez ditu eskatzen abereen agiriak kontratua egiten duenean. Ez da eraginkorra: baliteke kontratua egiteko unean zegoen txakurra eta ezbeharra eragin duena berdinak ez izatea, hil egin delako edo beste arrazoiren batengatik.
Baina BAI, txakurraren txartela ezinbestekoa izango da ezbeharra gertatu den unean. Ezbeharra tramitatzeko, derrigorrez eraman behar dira agiri horiek, horrela exijitzen baitigu aseguru-etxeak (Plus Ultra).
Dokumentazioa ezbehar jakin batetarako bidaltzen da, eta urte berean edo beste urte batzuetan beste ezbeharrik gertatuz gero, berriz eskatuko da dokumentazioa. Bazkideak ezin dio uko egin dokumentazioa aurkezteari lehenago aurkeztu duela esanez.
Gogoan izan behar dugu Sutearoren kontratuaren titularra eta aberearen txartelaren titularra pertsona berbera izan behar dela.
Sarritan gertatzen da etxean dagoen txakurra gure seme-alaben izenean, edo dagoeneko hilda dagoen pertsona baten izenean egotea. Adibidez, txakurraren titularra semea bada, bera izango da txakur horrek eragiten dituen kalteen erantzulea, eta ez gu, nahiz eta txakurra “fisikoki” gure etxean egon.
Beraz, txakurrak egiten duenaren erantzulea beti izango da txartelaren titularra, txakurra “non” bizi den kontuan izan gabe.