NOLA ERABILI SU-ITZALGAILUA?


su-itzalgailua-1

1

JAITSI zintzilikatuta dagoen tokitik.


2

TIRA EGIN SEGURTASUN-UZTAIARI kendu arte. Tiraka ari zaren bitartean, ez sakatu palanka.


3

SUA DAGOEN TOKIRA HURRERATU, zentzuzko distantziara, 2 metro ingurura (sua kanpoaldean bada, haizearen norabidean). Mahukari esku batekin eutsi, hautsa behar DEN TOKIRA JOAN DADIN.


4

Mantendu su-itzalgailua bertikalki, eta apuntatu suaren oinarrira, ez sugarrera, eta palanka estutu. JAURTIKETA LABURRAK EGIN suaren behealde osora; horrela ikusi ahal izango da sua zenbateraino itzaltzen ari den.


su-itzalgailua-5

5

Gogoratu su-itzalgailuan 36 SEGUNDOAN husten dela.


6

Behin SU-ITZALGAILUA ERABILITA, deitu Sutearora, aldatzeko:

94 630 00 62 • 660 39 67 00


Su-itzalgailuaren mantentze-lana
  • JAITSI ZINTZILIKATUTA DAGOEN TOKITIK, buruz behera segundo batzuk eta eskegi berriro.
  • SEI HILERIK BEHIN, begirada bat ematea komeni da.
  • EGIAZTATU PRESIO-ADIERAZLEA. Orratza alde berdean egon behar da. Berdearen ezkerraldean dagoen alde gorrira pasatzen bada, deitu Sutearora su-itzalgailua aldatzeko.
Intereseko informazioa

Sutearo osatzen dugun bazkideon kezka nagusietariko bat, jakina, sutea eta haren ondorioak dira. Etxebizitzetan gertatzen diren suteek kalte material handiak eragiten dituzte. Baina ez hori bakarrik: halakoetan, dirutan neurtu ezin den balio pertsonal eta sentimentala gehitu behar zaio kalte ekonomikoari.

Suteak ez gertatzeko har litezkeen prebentzio-neurrriak askotarikoak dira, eta gehien-gehienak “sen onak” agintzen dituen horiexek dira. Nolanahi ere, uste dugu ezjakintasun handia dagoela su-itzalgailuen eta haien erabileraren inguruan, eta, hala, egoki iruditu zaigu gaur egun dauden su-itzalgailuei buruzko informazioa bildu, eta denon eskura jartzea.

Horretarako, Sutearoko bazkide eta Lan Arriskuen Prebentzioan aditu den Pedro Cenigaonaindia Badiolaren laguntza ordainezina izan dugu: berak idatzi du segidan datorren testua, eta helburua izan da sutearen eta su-itzalgailuen inguruko oinarrizko zenbait kontzeptu argitzea.

 

1. SUTEAREN TETRAEDROA 

Sutea sortzeko, hiru elementu gertatu behar dira batera: ERREGAIA, OXIGENOA eta BEROA. Elementu horietakoren bat falta bada, ez da surik sortuko edo automatikoki itzaliko da. 1961etik aurrera, hiru baldintza horiei beste bat gehitu zaie, KATE-ERREAKZIO KIMIKOA –zeinaren elementurik ikusgarriena GARRA baita–, eta hala osatu da suaren tetraedroa deritzona.

 

2. SU MOTAK (EUROPA)

A MOTA: Egurra, oihala, papera edo plastikoa bezalako erregai solidoek A motako sua sortzen dute: halako materialak erretzen direnean, hondakinak uzten dituzte (txingarra, errautsa…).

B MOTA: Petrolioa, gasolina eta pintura bezalako erregai likidoek, batetik, eta gantza, argizaria eta parafina bezalako erregai solido likidogarriek, bestetik, B motako sua sortzen dute.

C MOTA: Azetilenoa, metanoa, propanoa, butanoa, gas naturala, hiri-gasa, propilenoa eta hidrogenoa bezalako erregai gaseosoek C motako sua sortzen dute.

D MOTA: Sodioa, potasioa, litioa, magnesioa eta zinka bezalako zenbait metalek D motako sua sortzen dute.

F MOTA: F motako sua sukaldean erabiltzen diren landare-olio zein animalia-gantzak erretzen direnean sortzen da.

 

3. SU MOTAK (AMERIKA)

A MOTA: Europan bezala.

B MOTA: Europako B + C (erregai likidoen sua + erregai gaseosoen sua)

C MOTA: Energia behar duten ekipoetan sortzen den sua C motakoa da. Halako ekipo bat argindarraren saretik deskonektatzen denean, sutea A, B edo C motakoa bihurtuko da, kasuaren arabera. Korrontea moztuta dagoela ziurtatzerik ez badago, sutea C motakoa balitz bezala jokatuko da.

D MOTA: Europan bezala.

K (KITCHEN) MOTA: Europako F motako sua.

 

4. ERREKUNTZA EDO KONBUSTIOA

Errekuntza oxidazio-erreakzioa da, eta hidrogenoa (H) edo karbonoa (C) duen erregai bat oxigenoarekin (O₂) elkartzen denean gertatzen da; sufrearekin (S) ere gerta liteke.

Errekuntza gerta dadin, berezko sutze-tenperatura edo autosutze-tenperatura lortu behar da, zeina sugartze-tenperatura baino altuagoa baita. Sugartze-tenperaturan, erregaia erretzen has liteke, baina aktibazio-energia kentzen baldin bazaio, sugarra itzali egingo da.

ARRISKUAK. Aire zabalean gertatzen diren errekuntzek zaurituak eta hildakoak eragin ditzakete erredurak direla eta. Leku itxietan, berriz, errekuntzen arrisku nagusia asfixiatzea da, oxigeno faltagatik, eta hori heriotza-eragile izan daiteke leku itxian dagoen oxigeno-maila %18tik behera gelditzen denean.

 

5. SU-ITZALGAILUAK

URA BALIATZEN DUTEN SU-ITZALGAILUAK: Urak ahalmen handia dauka beroa xurgatzeko, eta, ondorioz, tenperatura HOZTU egiten du; bestalde, urak ITO egiten du sua, tenperatura oso altuetan lurruntzen delako eta 1.671 aldiz handitzen duelako bere bolumena, eta, hala, oxigenoa eta gas-erregaiak desplazatu egiten ditu. Halako su-itzalgailuak A motako suak itzaltzeko erabiltzen dira. Alabaina, ez dira sekula erabiliko su elektrikoak itzaltzeko, ura eroale elektrikoa baita.

AFFF APARRA (Aquoeus Film-Forming Foam) BALIATZEN DUTEN SU-ITZALGAILUAK: AFFF aparrak ur-geruza bat osatzen du, eta, horrenbestez, tenperatura HOZTU egiten du eta airea desplazatzen du. Hala, errekuntza geldiarazi, eta sua ITO egiten du. Halako su-itzalgailu gehienek hidrokarburoetarako egokia den AFFF aparra baliatzen dute, eta A, B eta C motako suak itzaltzeko erabiltzen dira.

KARBONO DIOXIDOA (CO₂) BALIATZEN DUTEN SU-ITZALGAILUAK: Halako su-itzalgailuek CO₂ gas likidotua dute barnean, presio handian. CO₂-a deskargatzen denean, brastakoan hedatzen da, eta, -79°C tenperaturara iristen denez, IZOTZ LEHORRA bihurtzen da; horregatik deitzen zaio DESKARGA KARBONIKOA. Hala, deskarga horrek erregaia hoztu, eta ITO egiten du sua, oxigenoa desplazatu egiten baitu. Halako su-itzalgailuak B eta C motako suteetan erabiltzen dira, bai eta karga elektrikoa duten suteetan ere, karbono dioxidoa ez baita eroale elektrikoa. Esan bezala, su-itzalgailu mota hauek presurizatuta daude, eta kontuz ibili beharra dago likido sukoietan erabiltzeko orduan; izan ere, deskarga egitean gerta liteke zipriztinak sortzea eta erretzea. Erne ibili beharra dago, halaber, mahukari alde babestutik heltzeko; izan ere, CO₂-ren deskarga gertatu bitartean mahukaren tenperatura brastakoan jaitsiko da, eta eskua izoztu liteke.

HAUTS LEHORRA BALIATZEN DUTEN SU-ITZALGAILUAK: Halako su-itzalgailuek kate-erreakzioa apurtzen dute. Bestalde, sua ITO egiten dute; izan ere, hauts lehorrek konposizioan izan ohi duten fosfato monoamonikoa urtu egiten da errekuntza-tenperaturetan, eta, hala, substantzia likitsa bihurturik, solidoen gainazalean itsatsita geratzen da eta muga ezartzen du haien eta oxigenoaren artean. Halako su-itzalgailuak A, B eta C motako suteetan erabiltzen dira, bai eta karga elektrikoa duten suteetan ere.

D MOTAKO SUTEAK ETA HAUTS LEHORRA BALIATZEN DUTEN SU-ITZALGAILUAK: Zenbait metalek gaizki erreakzionatzen dute su-itzalgailu desegokia erabiltzen bada. Hauts-konposizio bakoitza eraginkorra da soilik metal eta aleazio jakin batzuen gainean. Oro har, aplikatzen direnean, ITO egiten dute sua; izan ere, azal moduko bat eratzen dute, metalari itsatsita gelditzen dena, eta haren eta oxigenoaren arteko muga ezartzen duena. Bestalde, beroa xurgatzeko ahalmena ere badutenez, tenperatura HOZTU egiten dute.

F MOTAKO SUTEAK ETA HAUTS LEHORRA BALIATZEN DUTEN SU-ITZALGAILUAK: F motako suteak itzaltzeko, potasio azetatoa duten su-itzalgailuak baliatzen dira; izan ere, substantzia hori oso eraginkorra da sukaldeetan erabiltzen diren landare-olio edo animalia-gantzetan sortutako suteak itzaltzeko. Potasio azetatoa langar fin gisa deskargatzen da, eta, olio edo gantzaren gainazalarekin kontaktuan jarrita, erreakzio kimiko bat sortzen da, saponifikazioa deritzona, eta, hala, xaboi-apar horrek gainazala estali, eta airearekiko kontaktutik bereizita uzten du. Langarrak, bestalde, tenperatura hozteko ahalmena dauka; izan ere, tanta batzuk lurrundu egiten dira, eta horrek olioaren edo gantzaren tenperatura jaistea eragiten du.

 

SU-ITZALGAILUAK ETA PROBA HIDRAULIKOA: Bost urtero egin behar da. Proba hidraulikoa egiteko, ponpa bat behar da, 5 minutuz gutxienez 24 atm-ko presioa egiteko potentzia nahikoa izango duena. Bestalde, komeni da su-itzalgailua aldiro begiratzea konprobatzeko maila-orratza alde berdean dagoela eta mahuka eta gainerako osagarriak egoera onean daudela.

 

SU-ITZALGAILUEN TAMAINA: 

1. Eramangarriak: eskukoak, 20 kg arte; bizkarrekoak, 20 eta 30 kg bitartean.

2. Gurpildunak: 30 kg-tik aurrera.

Bukatzeko, kontuan hartu behar da su-itzalgailu gehienak oso azkar husten direla, oro har 18 eta 20 segundo bitarteko tartean, eta, horregatik, ondo aprobetxatu beharra dago haien edukia.

Pedro Cenigaonaindia

 

×

WhatsApp

× Zertan lagun zaitzakegu?