GREMIO EDO KONPONTZAILEEI BURUZKO GALDERAK


Konponketa lanak egiteko, Sutearok bere gremio edo konpontzaileak bidaltzea nahi dut.

Sutearon ez dago gremio edo konpontzaile lanak egiten dituen pertsonarik. Sarritan, bazkideak Sutearoko gremioak bidaltzea eskatzen du, beste “aseguruek” horrela egiten dutelako.

Sutearoren eta aseguru-etxeen arteko desberdintasunak handiak direla nabarmendu dugu askotan, eta gremioen kudeaketa da nagusietako bat. Sutearoren filosofia da lana bazkidetzaren edo herriko nahiz inguruko profesionalen artean banatzea. Ohikoa izaten da aseguru-etxeek eskaintzen dituzten konponketa zerbitzuak zentralizatuta egotea, eta ez da arraroa izaten konponketak egitera etortzen den teknikaria gure herritik 50 kilometrora dagoen tokiren batetik etortzea, familia artean edo herrian bertan era horretako konpontzaile lanak egiteko gaitasuna duten pertsonak badaude ere.

Merkataritza-gune handiak, teknologia berrien erabilerak eta abarrek aldaketa ugari ekarri dituzte gizartearen kontsumo ohituretan. Erabilera horren onurak eta desabantailak aztertzea ez dagokigu guri, baina argi dago, sarritan, eredu berri horrek kalte zuzena eragiten diola herriko merkataritzari, eta gero eta gehiago direla ateak itxi behar dituzten herriko denda edo profesionalen enpresak.

Sutearon, ahal den neurrian, dinamika hori apurtzen lagundu nahi dugu, eta lana herrian, herrikoentzat eta bazkideen artean banatzea dugu helburu. Ideia hori ardatz hartuta, bazkide batek kalte bat duenean, konponketa egiteko bere gustukoa den gremioa edo konpontzailea bilatzeko eskatzen zaio, edozein kalteren konponketa-lanetan teknikariaren hurbiltasuna eta berarenganako konfiantza ezinbestekoak direlako.

×

WhatsApp

× Zertan lagun zaitzakegu?